TONYMANERO
FUNDACION TONY MANERO, DANTZAREN SUKARRA
SARRERA
Disko musikaren jarraitzaileek ghettoa utzi eta argitara ateratzea erabaki dute. Dantza musikaren anai baztertuak izateaz nekatuak daude eta beraien eskubideak aldarrikatzen dituzte. Disko musikaz egin den satanizazioa salatu eta sustrai beltzak dituen musika mota honen suspertzea bultzatu nahi dute indar biziz. Diskoadiktoak dira eta arro daude. Baita gu ere.

INTRO
Bartzelona da, zalantzarik gabe, estatu mailan, musikari dagokionez, mugimendu eta aberastasun haundiena biltzen dituen hiria. Dantza musikak berebiziko garrantzia du eta kultura desberdinen arteko uztarketa giroa nabarmendu daiteke. Ez da harritzekoa beraz estatuan Tony Manero fundazioak duen egoitza bakarra bertan topatzea. Prejuizio faltsuak alde batera utzi eta disko musikaren gainean dagoen satanizazioa hautsi nahian, Miguel-ekin izan gara, Tony Manero fundazioko kide eta taldeko abeslarietako batekin.
E!: Beno Miguel, genioen bezala disko musika gure artean satanizatua egoteaz gain (eta agian horregaitik) gustiz ezezaguna da, eta zer esan zuek bultzatzen duzuen fundazioa. Kontaiguzu nola sortu zen dena.
MIGUEL: Bartzelonako Tony Manero fundazioa 90. hamarkada hasieran osatu zen bainan fundazioaren historia 70. hamarkadaren bukaerarekin hasi zen. Garai honetan disko musikak izugarrizko indarra du mundu mailan. 80. hamarkadaren etorrerarekin berriz gauzak aldatzen hasten dira. Europako hainbat produktorek disko musika egiten hasiko dira, kalitate gutxikoa eta pixkanaka jendearen errekonozimendua galtzen hasiko da. Bigarren mailako musika bezela kontsideratuko du jendeak, "horterada" bat bezala eta disko musikarekiko aurreiritzi negatiboak sortuko dira. Orduan "disko adiktoaren" irudia sortuko da; hau da, disko erritmo eta kulturaren jarraitzaileak direnak eta gizarteak baztertuak, marginatuak satanizatuak eta kasu batzutan kriminalizatuak edukiko dituenak. Disko adikto hauek traumak gaindi ditzaten laguntzeko sortuko da Tony Manero fundazioa, gizartean berriro ere bere lekutxoa berreskura dezaten helburuarekin. Tony Manero, "Saturday Night Fever" filmeko protagonista da, disko musikaren jarraitzaile sutsua. 1987an Fundazioa sortuko du eta urteen joan etorriarekin instituzioak indarra hartuko du eta mundu osoan zehar zabaltzen hasiko da.
Fundazioan parte hartzen dugunak dantza zale amorratuak gara bainan ohiko diskoteken "bakailua" dantzatzeaz asperturik eta etsiturik gaude eta kalitatezko dantza musika bilatzen dugu.
E!: Horiek beraz fundazioak dituen oinarri eta helburuak baina nola eramaten duzue praktikara esandako guztia?
M: "Atzera begirako terapia" da gehien bat egiten duguna. Musika honekiko dauden aurreritzi oker eta negatibo guztiekin apurtu eta gure gustu musikalak aldarrikatu eta ahal den neurrian leku guztietara zabaldu nahi dugu. Disko musikak dituen alde negatiboak baztertu eta alde onak bultzatzen ditugu. Disko musikaren barruan maila kaxkarreko musika ere bada noski, gehien bat Europa mailan egindakoa Bonny M edota Village People bezalako jendeak egindakoa. Baina bada ere oso maila altua duena, sustrai beltzak dituena, funky eta "philadelphia"-ko doinuetatik eratorritakoa, eta azken hau, urte askotan izkutuan mantendu dena, argitara eman nahi dugu guk, eta guztion esku jarri.
E!: Estatu mailan ordea, guk dakigula, zuena da martxan dagoen fundazio bakarra ezta?
M: Bai, hala da. Oraingoz soilik Bartzelonako sedea dago. Ala ere, estatu mailan, badira disko musikaren jarraitzaileak biltzen dituen hainbat gune, Madrilen adibidez ENLACE FUNK fanzineko jendea dago eta Vigo-n "Cleopatra Jonez" izeneko lokala dago. Pixkanaka zabaltzen doan mugimendua da. Leku guztietan aurkituko duzu horrelako musika gustoko duen jendea eta batzutan, musika honen jarraitzaile sutsuak direnak ere topa ditzazkezu. Gure helburua funk, disko eta orohar erritmo beltzen jarraitzaileen arteko zirkuitoa sortzea da.
E!: Beno Miguel, eta nola erabakitzen duzue disko musikaren jarraitzaileak izatetik, disko musika interpretatzera dagoen pauso haundi hori ematea.
M: Naturalki irten den zerbait da. Etxean egun osoan disko musika kantatzen bagaude zergaitik ez gara jendearen aurrean saiatu ez? Beno, egia esan, ez da horre errexa. Orain artean gehien bat beste talde eta abeslarien bertsioak egin ditugu eta kalean dugun diskan hori entzun daiteke, zuzenean grabatutako bertsioak dira. Orain berriz, bigarren diska grabatzen hasi gara eta kantu guztiak guk egindakoak dira. Diska kaleratuko digun disketxea aurkituz gero urte bukaerarako kalean egotea espero dugu.
E!: Hitzegiguzu lehenengo lan horretaz, Bikini aretoan zuzenean grabatu zenuten iaz. Nola sortu zen ideia.
M: Beno, sei hilabete generamatzan kontzertuak eskeiniaz, 160 kontzertu inguru eman genituen iaz eta diska emanaldi horien emaitza izan da. Zuzenean egiten genuena diskan grabatua edukitzeko aukera oso interesgarria iruditzen zitzaigun eta jende askok ezagutzen dituen kantuak direnez errestasun haundiagoak izan ditugu kaleratzerakoan. Diska berriarekin ordea zailagoa izango da. kantu berriak eta ezezagunak direlako bainan ari gara disketxe desberdinekin harremanetan.
E!: Kontzertu ugari eskeini dituzue dagoeneko baina oraindik ez zarete Euskal Herrira hurbildu.
M: Ez eta bertara joateko irrikitan gaude. Gertatzen dana da jende asko garela, aize sekzio eta guzti hamalau bat lagun eta ez da batere errexa horrelako talde bat mugitzea. Guk ala ere oso garbi daukagu gure zuzenekoak horrela behar dutela izan. Banda klasikoen antzera mugitzea gustatzen zaigu nahiz eta horrek traba asko suposatzen dizkigun.
Ea traba horiek gainditu eta aurki Euskal Herrian ikusteko, entzuteko eta beraiekin dantzatzeko aukera dugun. Dantzatu esan dut bai, Euskal Herrian ere badelako aurreritziak eta poseak alde batera utzita dantza egitea gustatzen zaion jendea. Zorionez.
ARITZ SOUND SYSTEM